2009-10-29

Uuuuuuuuuuuuuuuu!


Bada gutxienez hilabete hiri honetako kale eta etxe-atariak kalabazek okupatu dituztela. Besterik ez da ikusten bazterretan. Lehenengo, supermerkatu eta dendetan ikusi nituen pila itzelak. Kalabazaz betetako kaxa erraldoiak.
Gero, pilo haiek husten hasi ziren neurrian, etxeetako atarietan agertu ziren kalabaza horiek, baina eraldatuta.

Beste asko bezala, hau ere, eurengana egokitu eta gero eurena bezala esportatu duten tradizioa dute estatubatuarrek. Jatorria, ordea, Eskozian eta Irlandan du kalabaza protagonista bihurtu duen jai honek.

Zelten artean bizi omen zen Jack izeneko nekazari xuhur bat. Gaiztoa omen zen gizona, eta beldurtuta omen zituen inguruko denak. Luzifer deabrua bera ere joan omen zitzaion zitalkeria zenbaterainokoa zuen neurtzera. Eta baita ederki neurtu ere!

Eseri omen ziren elkarrekin tabernan biak, eta majo edandakoan Luziferrek aitortu zion Jacki bere bila joana zela hara, egindako gaitzengatik infernura eraman nahi zuela berekin. Jackek, zuhur, azken desio bat eskatu nahi ziola: elkarrekin edatea azken tragoa tabernan. Deabruak, baietz. Tragoa edandakoan, ordea, komeria galantak, bietako inork ez baitzuen dirurik tabernako zorra ordaintzeko. Erronka bota zion orduan Jackek deabruari: Benetan halako ahalmentsua bazen bihur zedila txanpon eta ordain zezala berak zorra. Esatea nahikoa izan zuen, Luziferrek hura egiteko. Jack bizkorrak, orduan, ordaintzeko erabili ordez deabru txanpondua poltsikoan sartu zuen, zilarrezko gurutze baten alboan. Hura jasan ezinda, deabruak ateratzeko mesedez handik... Jack xuhurrak, baietz, baldin eta urtebetean bakean uzten bazuen. Deabruak, tratua onartu noski.

Urtebeteren buruan itzuli zen Luzifer bere mendeku gosea asetzera. Jackek oraingoan ere asmatu zuen, ordea, trikimailua. Joango zela berekin infernura, baino mesedez, arbolatik lor ziezaiola sagar bat, azken otordua egiteko.

Azken desio hori ukatzea larregi irudituta, igo zen arbolara deabru inozoa eta orduan urratu zuen gurutze bat nekazariak arbolaren azalean. Hura jasan ezinda, Luziferrek berriz onartu behar izan zuen nekazariaren tratua: Utziko ziola alde egiten, 10 urtean berriz aurrean agertzen ez bazitzaion.

Hamar urte horiek igaro baino dezente lehenago hil zen Jack nekazari xuhurra. Zerura ate-joka agertu zenean, segituan bidali zuen San Pedrok etorritako bidetik, bizitzan izandako portaera zikoitzek zeruko aterik ez ziotela zabalduko esanez.

Infernura joan zenean ere ongietorririk ez zioten egin, Luziferrek gogoan baitzituen egin zizkionak. Hustutako arbi batean kandela bat sartu, eta batera eta bestera ibiltzera kondenatu zuten, inon tokirik aurkitu ezinda, Jack koitadua.

Erabat pagano bihurtuta egon arren, Halloween egunak oinarrizko loturak ditu zelten sineskerekin eta kristauen Domusantu egunarekin. Egun horretan, hildako eta bizidunen arteko ateak irekita daudela diote. Eskozia eta Irlandan errotutako istorio hau, Iparramerikara ekarri zuten etorkinek, eta hemen hartu du, azkenean, beste inon baino indar gehiago. Garai bateko arbiaren ordez, kalabaza mardulak erabiltzen dituzte orain eguna ospatzeko. Irlandar etorkinei, XIX. mendean etorri zirenean, zail egin zitzaien Amerikan arbiak aurkitzea. Kalabazak, aldiz, erruz topatu zituzten, udazkenean izaten baita uzta. Gainera, errazagoa da kalabazak zulatu eta eraldatzea.

Edit Gau kala 1Edit Gau kala pailazoa Edit Gau kala ontza Edit Gau kala arrunta

Bihar, Jack xuhurrak Luziferri egiten zion bezala, trick or treat, tratua edo azpijokoa proposatuz etxez etxe ibiliko dira haurrak. Azpijokoen beldur, tratua aukeratuko dute bizilagunek, eta karameluz beteko dituzte neska mutikoen poltsikoak.

Uuuuuuuuu!!!


2009-10-23

Bakarrizketak

Aspalditxoan hainbeste jende bakarrizketan ikusi gabe nengoen. Esatera ausartzen naiz, beste inon baino jende gehiago ikusi dudala bakarrizketan Estatu Batuetako kaleetan.

Ez naiz ari telefonoaren aurikularra belarrian sartu, eta zintzilik daramaten kable bati hizketan ari direnekin. Horietakoak ere asko sumatu ditut, baino beste bakar-hizlari batzuei buruz ari naiz.

Aurrean inor –fisikorik- izan gabe hitz egiten duten horiek ditut gogoan. Egundokoak eta bi aritzen dira esaten norbait alegiazkoari, edo agian erreala izan arren, aurrean ez dutenari. Gehientsuenetan, haserre antzean.

Buruko osasunaren institutu nazionalak emandako datuen arabera, urtero, estatubatuarren laurdena pasatxok buruko gaitzen bati aurre egin behar izaten dio. Gaitz larriak pairatzen dituztenak gutxiago dira, noski, herritarren %6 inguru.

Beste erakunde baten datua ere, esanguratsua: Buruko osasunaren informazio zentroak dio, tratamendurik jasotzen ez duten gaixoen hurrengo etxea kalea bihurtzen dela. Kalean ikusten diren etxegabeen ehuneko luze bat, erdia baino gehiago, buruko gaitzen gatibu dira. Eta euren gaixotasuna ez artatzeak, kalea uzteko modurik ez izatea dakar, kasu gehienetan. Ikerketa honek argi erakusten du.

Osasun erreformaren aldeko mobilizazio batean, erizain batek larrituta kontatu zidan bere auzoko mutil gazte baten kasua. Bakarrizketan aritzen omen da, eguna joan, eguna etorri. Egunetik egunera hizketaldi luzeagoak egiten omen ditu, eta beldur zen erizain hau, inork hari behar duen tratamendurik eman ezean, luzatzen joango ez ote diren bakarrizketok.

Gaixotasun asko geratzen dira artatu gabe Estatu Batuetan, asko direlako osasun sistematik kanpo utzita daudenak. Jende askok isilean pairatzen ditu gaixotasun horien ondorioak. Buruko gaixoek, ordea, diskurtso zaratatsuekin erakusten dute oinazea.

Maitasuna zabalduz gutxitan ikusi ditut, gehiago iruditu zait haserrea eta kexua dariela euren diskurtsoei. Ziurrenik bizitzan trabak jarri dizkieten horiekin haserre, lanik gabe utzi dituenarekin, etxetik bota dituen gurasoarekin, teilapea kendu dion banketxearekin, begiratu txarra bota dion bizilagunarekin…

Arrazoia dutenik, eta beste inork baino egia handiagoak esaten dituztenik, ordea, ez dut nik ukatuko.

2009-10-17

Euskal produktuen azoka

Globalizazio garaiotan, askori txatxukeria irudituko zaie jarraian jartzera noana. Baina niri zirrara eragiten dit. Hunkitu egiten nau Euskal Herriko produktuak, dena delakoak direla, munduko beste puntan aurkitzeak. Badakit esportazioa oso gauza ohikoa eta hedatua dela Euskal Herrian, baina niri ohitzea falta, nonbait.
Utahn lehenengo sorpresa. Ardo tanta batean pentsatzea ere ia bekatu den mormoien lurralde sakratuan, hantxe aurkitu behar euskal mahastien arrastoa. Debekatuta dago Utahko janari dendetan alkohola saltzea. Gasolindegi batzuek badute lizentzia garagardo apur bat saltzeko, baina hortik gorako denak estatuaren jabetzako “store” berezietan erosi behar.Luziferrekin tratua egiteko intentzio guztiarekin sartu ginen, bada, likore denda horretara. Eta mundu guztiko ardoen artean han agertu zen Bizkaiko Txakolina. Espero nuen Arabar Errioxako ardoren bat aurkitzea, baina harritu egin ninduen txakolinak.

San Frantziskok, Kalifornian, badauka mokorik finenak asetzearen fama. Gaizki jatearen fama ondo irabazita duten Ameriketako Estatu Batuetan, salbuespena izan omen liteke Golden Gatearen hiria. Alcatraz irlarako ferryak irteten diren Embarcadero famatua josita dago luxua gustuko dutenentzako denda, jatetxe eta tabernaz. Luxu zaleak ere gutxi dutela nonbait tontotik eta, ondorioz, aitzakia gabekoak dira jatekoak eta edatekoak. Bertan dago soilik gaztak saltzen dituen postu bat. Mundu guztiko gaztak, mota guztietakoak aurki daitezke. Tartean, noski, Idiazabal gazta. Euskal Herrian baino garestixeago zegoela esango nuke.

Lehen aldi horietako “emozioa” gaindituta, Portlanden, supermerkatuko apaletan Bermeon kontserban jarritako atuna eta Ondarroan lataratutako antxoak aurkitzea tokatu zitzaidan.Taberna bateko kartan (hemen tabernarik ziztrinenak ere karta dauka ohiko edarientzat), berriz, han non irakurtzen dudan: “Kalimotxo”!. Utah-n txakolina aurkitzeak baino gehiago harritu ninduen honek.




Izenaren eta prezioaren azpian, osagaien azalpena.Ardo merkeren bat egongo ote zen begira hasi nintzen, baino ez... Gerezia, limoia, laranja, ardoa, kola... dena izotzetan. Eskerrak aitortzen duten tabernaren beraren bertsio egokitua dela.


Eta azkenengo hartu dudan sorpresa larunbatero nekazariek egiten duten azokan. Plastikozko kaxatxo gardenetan sartuta, TOLOSAKO BABARRUNAK! Ez dakit Tolosatik ekarritakoak izango diren, ala hazia ekarri eta hemen jasotakoak. Gaineko etiketatxoan jartzen du, "Euskal sukaldaritzako perla beltza" direla babarrun hauek, zapore gozokoak direla, eta tolosarren harrotasun motiboa gainera. Alboan piperrak jarrita jatea ohikoa dela ere esaten dute kaxaren gaineko etiketan.

Bai, badakit Euskal Herriko ekoizleak ez daudela atzera geratuta. Baina niri ilusioa egiten dit. Eta harritu egiten nau. Eta kitto!

2009-10-13

"Legezko" izateko ametsa


Marvin Ramirez atzera eta aurrera dabil, kale kantoian, hotzetik babesteko eskuak poltsikoan sartuta. Furgonetaren bat noiz geratuko zain dago, egun baterako lana eskainiaz patroiren bat noiz agertuko zain. «Zail dago azkenaldian kontua. Lan gutxi dago, eta, paperik ez dudanez, are eta okerrago niretzat». Portlanden Voz elkarteak duen zentroaren inguruetan beste dozena pare bat jornalari daude, bere antzera. Duela hamabi urte etorri zen Marvin AEB Ameriketako Estatu Batuetara lehen aldiz, Honduras utzita. Muga ezkutuan igaro zuen. Hirutan atzeman du immigrazio poliziak, eta denetan deportatu dute jaioterrira, «baina berriz etorri naiz», dio harrokeriarik gabe. «Hemen han baino aukera gehiago dago aurrera ateratzeko». Aukera horietakoren baten zain segitzen du.

Horrela hasten da Berria egunkarirako egindako erreportajea. Hemen irakur dezakezu osorik.

2009-10-04

Noam Chomsky: “Eliteak garaile, nahiz eta huts egin”

Portland-eko Lehenengo Eliza Unitarioa jendez inguratuta dago. Ilaran daude jarrita, ate nagusiaren ezker eta eskuinera,. Gerturatu ahala, “rock izarren baten kontzertua egongo da” esan du batek txantxetan. Bestelako izar baten zain dago, ordea, jendea.
Badu honek ere, halere, rock izar klasikoen ezaugarri bat: adin guztietako jendea erakartzen du.Ilea urdindutakoak ugari ageri dira ilaran, eta gazte unibertsitarioak ere dozenaka ikus daitezke. Jendetza hau ikusita, ez du ematen hitz egitera doana bere herrialdean gutxiengo batek ezagutzen duen ahots kritikoa denik.
Ostiral iluntzea da. Batzuek afalosteko plana dute hau (amerikarren afalorduak ez baitu zerikusirik euskaldunen martxarekin). Prozesioan egin dute elizarako bidea beste batzuek, afaltzeko betarik gabe, Afganistandik tropak erretiratzeko oihukatuz hiri erdiko kale nagusietan.

Elizako aldarearen erdian dago jarrita atrila, pulpitua, sermolaria noiz helduko zain. Itxarotea tokatzen da, ordea. Itxaronaldia arintze aldera, soka laukote bat lehenengo, eta Kanadatik etorritako amona-komiko-kantari talde bat ondoren, euskal umore eredutik urruti antzean dabiltzanak, nonbait.

Hizlaria aurkezteko ardura daukanak, Robin Hanhelek, ez du ezkutatu bere zereginerako daukanzailtasuna. “Nola aurkeztu, aurkezpenik behar ez duena?”, izan da bere galdera erretorikoa. Erdi hunkituta, eta dohainik etorri delako eskerrak emanez, azkenean eman dio hitza, Noam Chomskyri.

Baldintza gabeko txaloaldiarekin hartu du ikuslegoak, zutituta, linguista ezaguna, esango duenarekin ados egongo ote diren jakin beharrik gabe. Ezin ukatu, aurrean ikuste hutsak zirrara eragiten du.

Aguretuta ageri da. Kosta egin zaio eserlekutik atrilera dauden urratsak ematea. Eta amaierako galdera erantzunetan agerian geratuko den bezala, entzuteko ere badu nahikoa lan, batzuetan. Abenduan beteko dira 81 urte Philadelphian jaio zela.

Demokrazia itxurako jokoa

Inolako eskrupulu eta itzulingururik gabe salatu du Chomskyk uneotako sistema demokratikoa iruzurra dela. Ez dagoela, alegia, demokraziarik.

Gaur egungo politikaren arkitektoak enpresa handiak eta negozio-gizonak direla dio, haiek diseinatzen eta erabakitzen dutela zer egin behar den. Gero, aspalditxoan argi geratu omen zenez herritarrak indarrez ezin direla hartu, harreman publikoak erabiltzen dituzte jende xehea jokoan sartzeko. Aurrean politikari erakargarriak jartzen dizkiete, demokrazia itxurako jokora denek jolastu eta haiek agintera igotzeko. Eta hori erdietsitakoan, enpresa gizonek txotxongilo moduan erabiltzen dituzte politikariak, noski, euren mesedetan. “Nola bilakatu diren korporazio hauek hain boteretsu? Oso sinplea da”, dio Chomskyk, “hauteskundeak erosita”.

Bere jarduna osatzeko prentsa konbentzionaleko titularrak erabili ditu, aipamen ironikoak eginez, batzuetan jendearen barrea eta sarritan txaloak eraginez. Komunikabiderik fidagarrienak izokin koloreko egunkariak direla esan du, prentsa ekonomikoa. Euren irakurlegoa ezertaz konbentzitu beharrik ez omen dute hedabide hauek eta saiatzen omen dira “arkitektoak” euren lanerako ongi informatuta izaten.

Aldaketa eta esperantza

Barack Obama presidente estatubatuarrari bazter guztietatik luzatu dizkio kritikak. Marketinaren eta harreman publikoen emaitza dela, zalantza izpirik gabe esan du Chomskyk. Hortzetako pasta promozionatzen den bezala promozionatu omen zuten hura ere.

Herritarren %80ak argi ikusten zuenean herrialdea norabide okerrean zihoala, “aldaketa” eta “esperantza” leloak baliatu omen zituzten sloganetan. Baina aldaketarik eta esperantzarik ez omen da inon ikusten orain.

Bere hitzaldiaren leloari helduta, “Eliteek huts egiten dutenean”, galdera egin du ea benetan huts egin ote duten. Esan du eurak direla egungo krisi ekonomiko eta finantzarioa sortu dutenak. Eurak direla, ingurugiro krisiaren eragile. Baina eurak dira, aldi berean, krisi hauetatik guztietatik mozkin handienak atera dituztenak. Instituzioek egin dutena lana, batez ere, banketxe eta konpainia handiei mesede egitea izan dela dio Chomskyk.

Obama presidentearen inguruari begiratu dio, bere jarduna zerk bultzatzen duen bilatu nahian. Gertuko aholkulari eta kargudunak zerrendatu ditu, eta denei jarri die abizen pribaturen bat. Alegia, denek izan dute bulego dotorea banketxe eta enpresaren batean. Komeni da, dio, presidentearen kanpaina babesleak nortzuk izan ziren begiratzea ere, haiei orain ezin baitie hutsik egin.

Gogotik heldu dio gizarte estatubatuarrean pil-pilean dagoen osasun sistemaren erreformari ere. Ez dela azkenean aseguru publikorik izango, argi esan du. Eta txoratzen daudela aseguru-etxe pribatuak, diru publikoz beteko dituztelako, berriz ere, poltsikoak. Gobernuak herritar denak behartuko ditu asegurua izatera, eta baliabiderik ez dutenei horretarako diru-laguntzak emango zaizkienez, aseguratzaileak gustura.

Non dago ezkerra?

“Krisi instituzionala” deitu dio Chomskyk gaur egun bizi den egoerari. Beste krisien artean aipatu du, beste krisien sustraietan egon daitekeela argi utziaz. Indarrean dauden erakundeek ez dute ordezkatzen herritarra, beste zerbaiten eta beste batzuen interesetarako ari dira. Instituzio horiek berrantolatu beharra, berreskuratu beharra, ezinbesteko iruditzen zaio.

Ezkerrera begiratuta ere kritikak jaurtitzeko eskrupulurik ez zaio antzeman. Ezkerra non zegoen, galdetu du, krisi finantzario eta ekonomikoa azaleratu den unean. Leporatu dio inolako alternatibarik ez izatea, kapitalismoa kolokan, errenka aritu den aldi honetan.

Afganistango gerra ere hartu du hizpide. Esan du asko kexu direla tropak han mantentzea garestia delako. Larritzekoa iruditzen zaio Chomskyri, inor gutxik kritikatzea hedabide nagusietan, gerra hori kriminala dela.

Palestina eta Israelen artekoari ere heldu dio. “Palestinarren problema erreala ez dago han, hemen dago”. Jokamoldea aldatu beharra dutela palestinarrek. Euren taktika politikoa ez diotela Israeli bideratu behar, Ameriketako Estatu Batuei bideratu behar dietela, baldin eta zerbait lortu nahi badute.

Iran uranioa aberasten ari dela eta sortutako zalaparta ere, arrazoi ezkutukoek justifikatzen dutela iruditzen zaio. Gogoratu du dozenaka herrialde daudela Iranek baino potentzia nuklear handiagoa dutenak, baina haiek ez omen die inori lorik kentzen. Iran dagoen tokian omen dago, Ekialde Hurbilean, petrolio iturri nagusienak dauden tokian, eta ez omen da amerikarren gustuko adiskide ez direnak arma sendoekin han izatea.

Nazio Batuen Erakundeko segurtasun kontseiluak onartu berri duen erresoluzio batean, Iran aipatu ere ez du egiten. Aldiz, India, Pakistan eta Israeli euren nuklear potentzia apaltzeko eskatzen die. Inork horren berri ez ematea, larritzekoa iruditzen zaio Chomskyri.

Nazio Batuek esandako beste bat ere ekarri du gogora, kasu honetan elikagai krisiaren ondorioz. Bilioi bat ume hilzorian daudela munduan gogoratu du. Afrikan daudela horietako gehienak, erabat ahaztuta eta bakarrik dagoen kontinentean. Baina hori esan eta egun gutxira, erakunde honen beraren Elikagai Programak iragarri du bere baliabideak murriztera doala, dirua jartzen duten herrialdeek iturriaren emaria jaitsi egin dutelako.

Sorleku duen kontinentearen hegoaldera ere begiratu du pentsalariak. Uneotan Latinoamerika omen da munduko ingururik interesgarri eta zirraragarriena. Bolivia, Ekuador eta Venezuela jarri ditu adibide. Mexikora eta Venezuelara egin berri dituen bidaiak aipatu ditu. Hugo Chavezekin pare bat ordutan hizketan gustura aritu zela ere aitortu du. Baina Vietnamgo gerra gogoratuz, ohartarazpena ere jaurti du: "AEBak beti saiatzen dira adibide “txarrak” eta “arriskutsuak” suntsitzen, adibideok txikiak izanagatik ere". Euren nazioarteko politikan beti errepikatzen den eskema omen da, "agintean edonor dagoela ere". "Nazionalismo independenteak beti suntsituko dituzte, beste inork etsenplua jarrai ez dezan". Zentzu horretan, askoren ustez estatubatuarrek Vietnamgo gerra galdu bazuten ere, Chomskyri iruditzen zaio garaipen handia atera zutela handik.

Ilunean argia

Munduaren argazki hau ordu eta laurden inguruko hitzaldian, eta ondorengo galdera erantzunetan egin du Chomskyk. Kontraesanak, ezkutuko interesak eta iruzurrak agerian utzi dituen argazki ezkorra, oro har.

Bere jarduna amaitu (aitortu duenez, esateko zituen guztiak esan gabe) eta jendeari galdera egiteko parada ematea nahikoa izan da, mikrofono baten atzean ilara luzea osatzeko. Lotsatientzat, eman dute aukera antolatzaileek galderak idatziz egiteko.

Eta galdera-erantzun honen atalean azpimarratu du berriz Chomskyk, bere lehenagoko jardunean jada iradokia zuena. Argazki ilunari marko argia jarri nahi izan dio, nolabait esatearren: “Ni gaztea nintzenean baino herrialde hobea da hau orain”.

Herritarrak bizirik ikusten ditu. Jendea antolatu egiten dela igartzen du, ez dagoela lo. Vietnamgo gerraren kontrako protestak antolatzea eta mugimendu hura gorpuztea asko kostatu zela gogoratzen du hizlariak. Aldiz, Irakeko inbasioaren kontrako lehenengo manifestazio jendetsuak, inbasioaren beraren aurretik egin zirela dio. Mugimendua ikusten du. Aktibismorako jendea prest aurkitzen du. Ez omen dute nahi, agintariek, bizilagunek elkar ezagutzea. Bizilagunak ezagutuz gero, auzoko arazoak konpontzeko, besterik ez bada, jendea antolatu egingo baita.

Amaitu du Chomskyk jarduna, pulpitu itxurako atrilean ia bi orduz aritu ondoren eta ahotsean ere dardarizoa ageriko duela. Gogotsu egin diote txalo, enegarrenez, baita galdera egiteko irrikaz, ilaran zain geratu direnek ere. Eseri da atzeko aulkian eta bere liburu ale batzuk sinatzeko eskatzera joan zaizkion neska batzuekin hizketan ari zela, hustu da eliza.


Oharra:Noam Chomskyren hitzaldi hau KBOO irratiak eskainiko du urriaren 7an, goizeko 8etan (Arratsaldeko 5ak Euskal Herrian).