2009-10-23

Bakarrizketak

Aspalditxoan hainbeste jende bakarrizketan ikusi gabe nengoen. Esatera ausartzen naiz, beste inon baino jende gehiago ikusi dudala bakarrizketan Estatu Batuetako kaleetan.

Ez naiz ari telefonoaren aurikularra belarrian sartu, eta zintzilik daramaten kable bati hizketan ari direnekin. Horietakoak ere asko sumatu ditut, baino beste bakar-hizlari batzuei buruz ari naiz.

Aurrean inor –fisikorik- izan gabe hitz egiten duten horiek ditut gogoan. Egundokoak eta bi aritzen dira esaten norbait alegiazkoari, edo agian erreala izan arren, aurrean ez dutenari. Gehientsuenetan, haserre antzean.

Buruko osasunaren institutu nazionalak emandako datuen arabera, urtero, estatubatuarren laurdena pasatxok buruko gaitzen bati aurre egin behar izaten dio. Gaitz larriak pairatzen dituztenak gutxiago dira, noski, herritarren %6 inguru.

Beste erakunde baten datua ere, esanguratsua: Buruko osasunaren informazio zentroak dio, tratamendurik jasotzen ez duten gaixoen hurrengo etxea kalea bihurtzen dela. Kalean ikusten diren etxegabeen ehuneko luze bat, erdia baino gehiago, buruko gaitzen gatibu dira. Eta euren gaixotasuna ez artatzeak, kalea uzteko modurik ez izatea dakar, kasu gehienetan. Ikerketa honek argi erakusten du.

Osasun erreformaren aldeko mobilizazio batean, erizain batek larrituta kontatu zidan bere auzoko mutil gazte baten kasua. Bakarrizketan aritzen omen da, eguna joan, eguna etorri. Egunetik egunera hizketaldi luzeagoak egiten omen ditu, eta beldur zen erizain hau, inork hari behar duen tratamendurik eman ezean, luzatzen joango ez ote diren bakarrizketok.

Gaixotasun asko geratzen dira artatu gabe Estatu Batuetan, asko direlako osasun sistematik kanpo utzita daudenak. Jende askok isilean pairatzen ditu gaixotasun horien ondorioak. Buruko gaixoek, ordea, diskurtso zaratatsuekin erakusten dute oinazea.

Maitasuna zabalduz gutxitan ikusi ditut, gehiago iruditu zait haserrea eta kexua dariela euren diskurtsoei. Ziurrenik bizitzan trabak jarri dizkieten horiekin haserre, lanik gabe utzi dituenarekin, etxetik bota dituen gurasoarekin, teilapea kendu dion banketxearekin, begiratu txarra bota dion bizilagunarekin…

Arrazoia dutenik, eta beste inork baino egia handiagoak esaten dituztenik, ordea, ez dut nik ukatuko.

No hay comentarios: