2009-08-28

“Egunero zortzi ordu, ta bost egun astero...” Bai zera!

Goizeko 9:30etan hasi eta iluntzeko zazpiak arte denda batean lanean. Eta iluntzeko zazpietatik gaueko hamaikak arte, bigarren lantokian. Astean sei egunetan. Jaieguna, aste barruan. Hori da Danak egiten duena. 24 urte ditu.
Lehenago hasten du laneguna haren senarrak, Felipek, goizeko zazpietan. Sukaldari da jatetxe batean eta han ematen ditu arratsaldera arteko orduak, bederatzi bat guztira. Hori betetakoan, astean hirutan, bigarren lanpostura: Prestatutako jakiak eta hestekiak saltzen dituen denda batera. Gaueko 11:30ak arte han.
Arthur John antzera dabil. Unibertsitatean irakasle da, baino bi urteko semeari ezer falta ez dakion, goizez, eskolak ematen dituen unibertsitate bereko aparkalekuan lan egiten du.
Eta gehiegizko lan karga honengatik, ez pentsa luxuz beteriko bizitza dutenik. Danak eta Felipek etxea konpartitzen dute euren pareko bikote batekin. Eta Arthur John gurasoen etxean bizi da, emazte eta semearekin, noski. Badu itxaropena aurtengo neguan apartamendu bat alokatu ahal izatekoa.
Herritar hauen eguneroko martxa ez da isolatua. Estatu Batuetan ugari dira euren bizimoduari aurre egin ahal izateko lanpostu bat baino gehiago hartzen dituztenak. Ba omen daude hiru eta lau lanpostu dituztenak ere. Batzuen amets amerikarra betetzeko ezinbestekoa da, nonbait, beste batzuk urte luzez amets horren atzetik jardutea.

2009-08-20

Denak ez daude gustura!


Komun publiko batean aurkitutako pintada.

2009-08-17

Kritika soziala film estatubatuarretan

Gizarte kritikarako gaitasunik gabekotzat jo izan ditugu askotan estatubatuarrak. Engainatutako herritarrak direla, ez dutela tresnarik jakiteko benetan zer jazotzen den munduan, euren zilborretik haratago ez begiratzeko heziak daudela.
Edo agian, jakin badakitela zer egin behar den auzokoaren berri izan eta harekin egoki jokatzeko, baino nahiago dutela halakorik ez egin.

Ez dut uste aurreiritzi hauek zuzenak direnik. Hemen daramadan denboran, tokatu zait bestelako jendea badagoela ikustea. Kritikarako gaitasuna erruz ikusi dut. Gobernuari kritika, euren gizarte ereduari... Eta darabilten atzerri politika lotsaz bizi dutenak ugari aurkitu ditut.

Eta asteburu honetan konturatu nahiz, zinemak ere hartzen duela bide hori.

Euskal Herriko areto komertzial batean pentsaezina da aldi berean bi dokumental izatea, are gutxiago aste batez baino gehiagoz izatea. Estatu Batuetan, bai.

Kanpora begira jarrita egindako kritika bata. Japoniako Taiji herrixkan izurdeak zein era krudelean harrapatzen dituzten erakusten duen dokumentala. Harrapaketa horren inguruan dagoen negozioa eta agintarien permitsibitatea salatzen ditu filmak. Sundanceko jaialdian ikusleen saria jaso zuen, eta toki batean baino gehiagotan irakurri dut datorren urteko Oscar sarietan zeresana emango duela. The Cove.



Etxe barrura egindako salaketa bestea. Jatea hainbeste maite duen herrialdean, janari industriari lupa pasatu dio gainetik dokumentalak. Herrialde guztiaren elikadura zein enpresa gutxiren esku dauden erakusten du. Konpainia erraldoi hauek, agintarien laguntza isilarekin, euren langileei, beste nekazari xumeei eta noski kontsumitzaileei egiten dizkieten gehiegikeriak salatzen ditu. FOOD Inc.



Bi dokumentalak, aldi berean, zinema antzoki berean. Aretoa ez da jendez gainezka egon. Baina filmak, hor daude.

2009-08-13

What you get for the money!

Horixe da telebista programa baten izenburua. Horixe da, telebista programa batek erakusten duena. Diruarekin zer lor litekeen.

Plastikozko lata batean bilduriko sandwich bat edo hanburgesa likatsu bat jan bitartean, jende ugarik saio hori izango du betaurrean. Diru asko izanda, nolako etxea lor daitekeen erakusten duen saioa.

Texaseko familia bat ageri da lehenengo. Bikote bat. Biak, antza, goi mailako exekutiboak. Dirua, bistan denez, erruz. Bi milioi dolarreko etxea dute. Argitsua, espaziotsua, minimalista, erosotasunez jositakoa. Agerian utzi ondoren zeinen ondo bizi den bikotea (miseriak ez baitituzte noski erakusten), hurrengo etxearen txanda da.

Chicagon kasu honetan. Eta gainera, 7 urteko alabarekin bizi den emakume gazte beltza da protagonista. Saioak erakutsi nahi du, nonbait, luxua eta aberastasuna ez direla herrialde honetan soilik zurien gauza.

Aurreko etxearen aldean hau hadigurakoagoa da. Dotoreziak mozkortutako etxea, altzari, lanpara, koadroak… denek erakutsi nahi dute aberastasuna. Emakumea eta haurra, biak jarreraz oso harro. Diruak lor dezakeenaren seinale, hau ere.

Amets amerikarra, nik ulertutakoaren arabera, hutsetik hasi eta bizitza duina eta arrakasta lortzean datza. Honen moduko saioek, antza, erakutsi nahi dute amets hori lortzea posible dela. Eta posible dela gainera, ametsetik areago joatea ere… amestutakoa baino luxu gehiagotara iritsiz.

Praktikan lortzen duena, ordea, oso bestelakoa. Ametsaren langa goratzea, eta saioa ikusten duen pertsona arruntak, hileroko alokairua ordaintzeko arazoak dituen horrek, bere egungo egoera gehiago gorrotatzea.

Telebistak lor dezakeena!

2009-08-11

Dena da handia!

Ameriketako Estatu Batuetara iritsi eta horixe da lehenengo inpresioa.

Aireportutik ostaturako bidea eraikin handiak ageri dira. Bilbon eraikitzen ari diren Iberdrola dorrea barregarri utziko luketen etxe orratzak daude hirigunean.

Distantziak handiak dira. Mapan handia ez dirudien arren, handia da beti hiriko puntu batetik bestera dagoen tartea.

Handiak dira merkatalguneak, handiak egiten dituzten erosketak, handiak jaten dituzten hanburgesak eta handiak freskagarriak edateko erabiltzen dituzten edalontziak. Ziurrenik horregatik, handiak dira estatubatuarrak.

Fisikoki behintzat.