2009-08-28

“Egunero zortzi ordu, ta bost egun astero...” Bai zera!

Goizeko 9:30etan hasi eta iluntzeko zazpiak arte denda batean lanean. Eta iluntzeko zazpietatik gaueko hamaikak arte, bigarren lantokian. Astean sei egunetan. Jaieguna, aste barruan. Hori da Danak egiten duena. 24 urte ditu.
Lehenago hasten du laneguna haren senarrak, Felipek, goizeko zazpietan. Sukaldari da jatetxe batean eta han ematen ditu arratsaldera arteko orduak, bederatzi bat guztira. Hori betetakoan, astean hirutan, bigarren lanpostura: Prestatutako jakiak eta hestekiak saltzen dituen denda batera. Gaueko 11:30ak arte han.
Arthur John antzera dabil. Unibertsitatean irakasle da, baino bi urteko semeari ezer falta ez dakion, goizez, eskolak ematen dituen unibertsitate bereko aparkalekuan lan egiten du.
Eta gehiegizko lan karga honengatik, ez pentsa luxuz beteriko bizitza dutenik. Danak eta Felipek etxea konpartitzen dute euren pareko bikote batekin. Eta Arthur John gurasoen etxean bizi da, emazte eta semearekin, noski. Badu itxaropena aurtengo neguan apartamendu bat alokatu ahal izatekoa.
Herritar hauen eguneroko martxa ez da isolatua. Estatu Batuetan ugari dira euren bizimoduari aurre egin ahal izateko lanpostu bat baino gehiago hartzen dituztenak. Ba omen daude hiru eta lau lanpostu dituztenak ere. Batzuen amets amerikarra betetzeko ezinbestekoa da, nonbait, beste batzuk urte luzez amets horren atzetik jardutea.

No hay comentarios: