2009-08-17

Kritika soziala film estatubatuarretan

Gizarte kritikarako gaitasunik gabekotzat jo izan ditugu askotan estatubatuarrak. Engainatutako herritarrak direla, ez dutela tresnarik jakiteko benetan zer jazotzen den munduan, euren zilborretik haratago ez begiratzeko heziak daudela.
Edo agian, jakin badakitela zer egin behar den auzokoaren berri izan eta harekin egoki jokatzeko, baino nahiago dutela halakorik ez egin.

Ez dut uste aurreiritzi hauek zuzenak direnik. Hemen daramadan denboran, tokatu zait bestelako jendea badagoela ikustea. Kritikarako gaitasuna erruz ikusi dut. Gobernuari kritika, euren gizarte ereduari... Eta darabilten atzerri politika lotsaz bizi dutenak ugari aurkitu ditut.

Eta asteburu honetan konturatu nahiz, zinemak ere hartzen duela bide hori.

Euskal Herriko areto komertzial batean pentsaezina da aldi berean bi dokumental izatea, are gutxiago aste batez baino gehiagoz izatea. Estatu Batuetan, bai.

Kanpora begira jarrita egindako kritika bata. Japoniako Taiji herrixkan izurdeak zein era krudelean harrapatzen dituzten erakusten duen dokumentala. Harrapaketa horren inguruan dagoen negozioa eta agintarien permitsibitatea salatzen ditu filmak. Sundanceko jaialdian ikusleen saria jaso zuen, eta toki batean baino gehiagotan irakurri dut datorren urteko Oscar sarietan zeresana emango duela. The Cove.



Etxe barrura egindako salaketa bestea. Jatea hainbeste maite duen herrialdean, janari industriari lupa pasatu dio gainetik dokumentalak. Herrialde guztiaren elikadura zein enpresa gutxiren esku dauden erakusten du. Konpainia erraldoi hauek, agintarien laguntza isilarekin, euren langileei, beste nekazari xumeei eta noski kontsumitzaileei egiten dizkieten gehiegikeriak salatzen ditu. FOOD Inc.



Bi dokumentalak, aldi berean, zinema antzoki berean. Aretoa ez da jendez gainezka egon. Baina filmak, hor daude.

No hay comentarios: