2009-08-13

What you get for the money!

Horixe da telebista programa baten izenburua. Horixe da, telebista programa batek erakusten duena. Diruarekin zer lor litekeen.

Plastikozko lata batean bilduriko sandwich bat edo hanburgesa likatsu bat jan bitartean, jende ugarik saio hori izango du betaurrean. Diru asko izanda, nolako etxea lor daitekeen erakusten duen saioa.

Texaseko familia bat ageri da lehenengo. Bikote bat. Biak, antza, goi mailako exekutiboak. Dirua, bistan denez, erruz. Bi milioi dolarreko etxea dute. Argitsua, espaziotsua, minimalista, erosotasunez jositakoa. Agerian utzi ondoren zeinen ondo bizi den bikotea (miseriak ez baitituzte noski erakusten), hurrengo etxearen txanda da.

Chicagon kasu honetan. Eta gainera, 7 urteko alabarekin bizi den emakume gazte beltza da protagonista. Saioak erakutsi nahi du, nonbait, luxua eta aberastasuna ez direla herrialde honetan soilik zurien gauza.

Aurreko etxearen aldean hau hadigurakoagoa da. Dotoreziak mozkortutako etxea, altzari, lanpara, koadroak… denek erakutsi nahi dute aberastasuna. Emakumea eta haurra, biak jarreraz oso harro. Diruak lor dezakeenaren seinale, hau ere.

Amets amerikarra, nik ulertutakoaren arabera, hutsetik hasi eta bizitza duina eta arrakasta lortzean datza. Honen moduko saioek, antza, erakutsi nahi dute amets hori lortzea posible dela. Eta posible dela gainera, ametsetik areago joatea ere… amestutakoa baino luxu gehiagotara iritsiz.

Praktikan lortzen duena, ordea, oso bestelakoa. Ametsaren langa goratzea, eta saioa ikusten duen pertsona arruntak, hileroko alokairua ordaintzeko arazoak dituen horrek, bere egungo egoera gehiago gorrotatzea.

Telebistak lor dezakeena!

No hay comentarios: