2009-11-17

Amuma says no!


Egunen batean amumak esan omen zuen ezetz, eta ezezko hori gogorarazi diote makina bat bider!

Euretako inor ez da Euskal Herrian jaiotakoa. Denak Atlantikoaren alde honetan jaio ziren, Pazifikotik gertuago, gainera. Euren kontzertua, ordea, panderoa astinduz eta txanpon baten truke kantatzen zuen gizonaren istorioarekin hasi dute.

Beste hiri estatubatuar askotan bezala, Boisen ere bereziak izaten dira hileroko lehen ostegunak. Erdiguneko denda, ostatu eta bestelako negozioen jarduna bultzatzeko eskaintza bereziak eta ekitaldi kulturalak antolatzen dituzte. Eta Boiseko beste bazterretan bezala, Basque Block-ean, nabarmena da hori.

Leku ona ostatu-tabernan, hitzordua. Batzuk afalduta agertu dira, beste batzuk kroketak eta txorixoa jan bitartean hasi dira trikiti doinuak entzuten. Amuma says no taldea jaiaren erantzule. Euskal Herriko jai martxosoenen inbidiarik gabeko erromeria prestatu dute. Dantzari faltarik ere ez dago. Kalimotxoa, berriz, erdi prezioan, okasioak ere halaxe eskatzen baitu.

Amuma says no taldeak, dagoeneko bi disko grabatu ditu, biak ere euskal kantu ezagunen bertsio partikularrak. Lehenengoa, “Frontoitik kalera”. Taldearen izaeraren deskribapen literala da izenburua. Amuma Says no taldeak Boiseko frontoian egiten baititu entseguak astero, eta handik egin baitute plazarako jauzia.

Bigarren diskoa, euren hitzordu finkoari erreferentzia egiten diona, “First Thursdays”. Hileroko lehen ostegunen ospakizunak eman die izenburu honetarako aitzakia.

Boisetik kanpo ere izan da aukerarik euren plaza-giroa bizitzeko. Reno, Elko, Bakersfield, Seattle... Toki ugaritara joan dira, tokian tokiko euskal jaiak girotzera.

Hiru urte pasako ibilbideak sendotu egin du taldea. Jendearen aldetik jasotzen duten erantzunak, berriz, indartu. Erronka berriak hartzeko adina indar eman die: hasita daude euren kantu propioak egiten, beste musikari batzuen doinuak moldatzeari utzi gabe.

Euskal sustraietatik abiatuta hazitako taldea da Amuma says no, berrikuntza eta moldaketei irekita dagoena, eta Amerikaren zati bat arima euskaldunez betetzen segitzeko bokazio sendoa duena.

No hay comentarios: