2009-12-22

See you soon!


Esperantza horrekin eta hitz horiekin agurtu ditut hilabete hauetan egin ditudan lagunak. Amaitu da, bai, Estatu Batuetako egotaldia. Etxerako bidean, barrenak eskatzen dit gogoeta apur bat egiteko bizitakoari buruz, eta idazteko zerbait, blog honi merezi duen itxiera emateko.

Hilabete hauek balio izan didate, bertatik bertara ezagutzeko aurretik komunikabide eta filmen bidez hain presente dugun Estatu Batuetako gizartea. Lehenago egona nintzen, baina oraingoan oporraldi batean baino sakonxeago barneratzeko modua izan dudala uste dut, eta bertako jende ugari ezagutzekoa. Eta ezin dut ukatu, zapore gozoa geratu zaidala ia urte erdiz amerikar artean bizi ondoren.

Ezeren aurretik, jendearen eskuzabaltasuna eta berotasuna azpimarratuko nituzke. Askotan esaten da indibidualista dela oso gizarte estatubatuarra, bakoitza berera doala. Heldu berriari babesa ematen dion jendearekin topo egin dut, ordea, nik: denbora eskaintzen dizute, behar duzuna eskaintzeko erreparorik apenas duten, azalpenak eta argibideak emateko beti prest... Esango nuke abegikortasun horretan, euskal herritarrok baino urrats batzuk aurrerago daudela.

Egia da, hala ere, indibidualista ere badela oso gizarte hau. Herritar arrunta gogor borrokatzera behartzen du inguruak. Familiaren babesa hala modukoa, erlatiboa dela iruditzen zait. Batetik, distantziagatik. Aurreko post batean argi geratu zen bezala, ohikoa da jaiotako ingurunetik, familiagandik aldenduta bizitzea eta herrialde honetan mutur batetik besterako distantziak itzelak dira. Norberak atera behar dituela eltzetik babak!

Gazteak oso gaztetan emantzipatzen dira, ikasle garaian, eta euren bizkar gain hartzen dute ikasketen ardura. Unibertsitate batetik bestera aldatu egingo dira prezioak, baino urtean ikasle batek 25 mila dolar behintzat behar izaten ditu karrera bat ikasteko. Mailegua izaten da, kasu gehientsuetan, diru hori lortzeko bidea. Ezagutu ditut lau urteko karrera ikasi ondoren, ito beharrean lanean dabiltzanak, 100 mila dolarreko maileguari buelta eman nahian.

Langileek apenas duten urtean bi asteko oporraldia baino luzeagorik. Gaixotasun bajarik ez da existitzen, soilik kasu bakan batzuetan. Medikutara joateko lanorduak galduz gero, oporretatik kendu behar hori. Gaixoaldi luze bat tokatuz gero, berriz, ez da harritzekoa lanpostua galtzea, batez ere kualifikatuak ez diren postuetan.

Adinean aurrera doazenak, aldiz, bakar antzean sumatzen dira. Zer esanik ez, bananduak badira. Gogoan hartu beharrekoa da gurean baino lehenago sartutakoa eta gehiago hedatutakoa dela dibortzioa.

Gure etxekoandre izan denaren kasua konta dezaket. 65 urte betetzear dagoen emakumea, eguneroko gastuei aurre egiteko zer asma jarduten dena, bizitzeko behar duen dirua nondik lortuko. Lanik apenas irteten zaion merkatu lehiakor honetan, soilik egun erdiko zerbait, tarteka. Bizimodua ateratzeko, bere etxearen zati bat alokatzen du, auzoko mutiko bat eskolatik jaso eta KUNG-FUra eramaten du, eta etxeko sotoan dituen traste arraroak Ebay atarian saltzen ditu.

Lagunarteak osatzeko, ordea, formula ederrak ere badituzte. Aukera izan dut “potluck” deitzen dioten afari-merienda bat baino gehiagotan parte hartzeko. Norbaitek bere etxean festa antolatu, lagun desberdinei dei egin, askotan elkar ezagutzen ez duen jendea norberaren etxean elkartu, bakoitzak jateko eta edateko nahi duena, edo ahal duena eraman, eta lagunarte aparta sortu. Topaketa horietatik lagun berriak eginda ateratzea ez da arraroa, fede eman dezaket. Lekutan dago hau Euskal Herriko koadrila formula itxi batzuetatik!

Hedatuta dagoen beste topiko bat, hanburgesak jan eta zilborrari begiratu besterik egiten ez dion gizartea dela estatubatuarra. Eta ez da egia. Egia da hanburgesa asko jaten dutela eta freskagarri gehiegi edaten dutela. Horren ondorioak, beste inork baino gehiago eurek sufritzen dituzte. Ikuste hutsak errukia ematen duen tamainako jendearekin topo egiten da kalean.

Ez da, ordea, egia erabat gizarte desmobilizatua denik. Ez zait niri behintzat hala iruditu. Gizarte mugimendu ugari daude eta jendeak denbora ugari eskaintzen du sinesten duen kausa horren alde. Direla ingurugiroaren defentsarako elkarteak, direla bakearen aldeko eta gerraren kontrako mugimenduak, osasun sistema hobetzeko borroka egiten dutenak, auzoko parkeak garbi izateko mugitzen direnak... Jende kritikoa ugari aurkitu dut hilabete hauetan, amerikar inperioa gainbeheran doala uste dutenak asko, aspalditxoan munduan barrena egin dituztenekin lotsatuta daudenak, eta euren izateari barre egiteko batere arazorik ez dutenak.

Ukatu ezin dena, gizarte oso kontsumista dela. Trastez josita bizi dira. Behar baino ontzi gehiago ditu sukaldariak, behar baino liburu gehiago intelektualak, eta behar baino arropa gehiago nerabeak. Aitortu behar zaie, ordea, gero badituztela horri buelta emateko keinu originalak. Beste inon baino bigarren eskuko denda gehiago ikusten da Estatu Batuetan eta oso ohikoak dira etxe atariko azokak, hasieran hainbeste harritu nindutenak. Urtean pare bat aldiz jartzen dituzte etxaurrean salgai, behar ez dituzten trasteak. Gehiegizko kontsumismoak eragindako fenomenoa izan arren, iruditzen zait positibotik ere baduela zerbait: Auzokidearen hondarrak hartu eta haiek erreparorik gabe berrerabiltzea interesgarria da.

Perfektua izatetik urruti dagoena da gizarte estatubatuarra, baina zein gizarte dago horretatik gertu?

Ez dakit hurrengo noiz bueltatuko naizen, baino nahi nuke bueltatzea. Eta nahi nuke hemen ezagutu ditudanek ere Euskal Herrira bisitan etortzea. Uste dut horretarako grina apur bat sortu diedala.

Blog honetan idatzitakoak irakurtzen jardun duzun horri, berriz, eskerrik asko. Eta lagun amerikarrei esan diedana zuri ere: See you soon!

No hay comentarios: