2009-12-11

Amy Goodman: "Kazetariak ezin du gobernuaren gezurrak errepikatzen jardun, mundua esplikatu behar du"


Ez neukan Amy Goodmanen berririk Estatu Batuetara etorri aurretik. Gai zehatz batzuen inguruan informazio bila ari nintzela agertu zitzaizkidan, lehenengoz, bere artikuluak. Irakurritakoa gustatu eta hark eraman ninduen gehiago arakatzera.

AEBn erreferentzia bihurtuta dago pentsalari eta herritar kritikoen artean. Kazetaritza molde interesgarria egiten du, independentea, media talde handien menpe ez dagoena eta era askotako gizarte mugimenduen oihartzuna biltzen duena.

Egunotan, berriz, Kopenhagen da, klima aldaketari buruzko goi bilera jarraitzen. Batera eta bestera dabilen bitartean, bateko eta besteko irrati/telebista kate independenteez baliatzen da egunero ikus-entzuleekin duen hitzordura xuxen iristeko.Democracy Now! programan jarraitzen dute ia egunero milaka ikus-entzulek.

Pacifica Radioren bidez hedatzen da irrati programa, baina internet bidez emititzen den telebista saio ere bihurtuta dago. 800 emanaldi betetzear da Goodmanen ekoizpena.

Eskarmentudun kazetari honek “Breaking the sound barrier” (soinuaren muga apurtuz) liburua eman berri du argitara. Herrialdeko punta desberdinetan eman ditu hitzaldiak, liburua aurkezteko, eta bide batez gaurkotasunari buruzko irakurketa eginez.

Kazetaritza arduratsua

Barrutik eta ozen hitz egin du Goodmanek ordu eta erdi inguruko solasaldian. Portlandeko Bagdad antzokian entzule dituenek adi jarraitu dute. Hedabideak eta kazetaritza ofizioa izan ditu batez ere hizpide, eta puntako bi gairen aurrean hauek duten ardura: klima aldaketaren auzia eta AEBko osasun erreforma.

Grinaz jardun du medio ofizialek zabaldu eta inork gutxik zalantzan jartzen dituzten gezur eta egia erdien inguruan. Aipatu gabe uzten dituzten horien inguruan ere bai.

Osasun erreforma zalapartatsuari buruz, iragan hurbilera begiratu eta gauza bat gogoratu nahi izan du: Barak Obama senataria “single payer” sistemaren aldekoa zen, gobernuak ordaindutako osasun sistema doakoaren aldekoa. Barak Obama presidenteak hori ahaztu egin omen du. Atzetik azpimarratu duena: medio ofizial guztiek baztertu egin dute hasieratik “single payer” sistema eta ez dute kuestionatu Obamaren jarrera aldaketa.

Osasun sistemak gizalegea galduta duela salatu du. Berriki, amaren heriotza bizitzea tokatu zaio Goodmani, eta haren gaixotasunak iraun bitartean ospitaletako giroaz jabetzeko modua izan du. Medikuek ez dutela gaixoekin egoteko denborarik dio, eta okerragoa dena, senitartekoek ere ez dutela gaixoarengandik gertu egoteko denborarik. Bizitzako azken urratsean bost gauza esan nahi omen ditu hiltzera doanak: “eskerrik asko”, “barka iezadazu”, “barkatzen dizut”, “maite zaitut” eta “agur”. Sarritan ez omen da hitz horiek esateko paradarik egoten.

Etxe Zuriko paretak gorritzeko moduko datuak ere eman ditu: urtean 45 mila lagun hiltzen dira Estatu Batuetan, osasun arretarik jasotzen ez dutelako. “Hori terrorismoa da!” salatu du ozen Goodmanek. Bestalde, Afganistanen urtean hiltzen diren soldaduak baino gehiago dira osasun arretarik gabe hiltzen diren armadako beteranoak.

Behin uniforme kontuak aipatuta, ez du azaldu gabe utzi nahi izan, oraintsu, Texaseko Fort Mason base militarrean gertaturiko hilketa. 13 soldadu hil zituen beste soldadu batek. Goodmanek atera nahi izan du beste amerikar komunikabideetan agertu ez dena: bere buruaz beste eginda, azkenengo 6 urteetan 67 soldadu hil dira base horretan. Urtean, 10etik gora. Datu horiek inork aipatu ez izana salatu du Goodmanek.

Berotzen ari den lurraz...

Klima aldaketaren inguruko kezka erakutsi du Goodmanek hitzaldiko zati mardul batean. Neurri eraginkorrak lehenbailehen hartu behar direla esan du, eta neurri horiek hartzeko esk

atzea herritarren zeregina dela.

Maldiva uharteetako lehen ministroak oraintsu egindakoa gogoratu du: klima aldaketaren aurkako ekintza-egun globalean, urriaren 24an, gobernu bilera ur azpian egitea, oxigenodun bonbona eta guzti. Neurri eraginkorrik hartu ezean Maldivetan hala bizitzen ikasi beharko dutela salatu nahi zuen hartara.

Kopenhageko goi bilera garrantzitsu jo du. Uste du munduko herrialde nagusienek lidergoa hartu behar dutela arazo larri honen aurrean. Etxean, AEBko Senatuak lehenbailehen onartu behar omen luke energiari buruzko lege proiektua, emisioak murriztea ekarriko lukeena. Hori bai, gogoratu du petrolio konpainiek egunean ehunka mila milioi dolar jartzen dituztela mahai gainean hori galarazteko.

Obamari garrantzia historikorik ez dio kendu Goodmanek, baino eman dioten Nobel Sariagatik harridura ere ez du ezkutatu.

Mundua eta mundukoak esplikatu

Herritarrei gogoratu nahi izan die, batez ere, momentua aprobetxatu beharra. Iritzia emateko unea dela azpimarratu du. Jendeak iritzia eman behar duela, jendaurrean erakutsi behar duela. Horrek egiten omen duelako handi, demokrazia. Gaur egun, AEBko medio handiek, ez dutela gehiengoaren iritzia islatzen, hori uste du kazetariak.

Gogoratu nahi izan ditu amerikarren historian garrantzia handiko izan diren bi ekintzaile: Susan D’Anthony, emakumeen sufragio eskubidearen aldeko borrokalaria, eta Frederick Douglass, abolizionista eta afroamerikarren eskubideen aldeko ekintzailea. Hedabideek haiek egindakoak gogoratu behar lituzketela dio Goodmanek eta toki egin behar lieketela gaur egun haien antzeko bidea egiten ari direnei ere. Gizarte mugimenduetan egiten den lana erabakigarria dela dio, eta eurek lortutakoa onuragarria izango dela etorkizunean. Medio handiak horri buruz ez aritzea ez zaio bidezko iruditzen.

Kazetarien lana jendeari pentsaraztea dela aldarrikatzen du Goodmanek. Mundua esplikatzea. Komunikabideek gobernuaren gezurrak errepikatzea eta haiei haizea ematea ezin dela onartu dio. Zerbait gehiago eskaini behar dela. Azken helburua dela jendeak beldurra kentzea disidente izateari, horrek egiten omen gaituelako guztiok handi.

No hay comentarios: