2009-11-28

"Ni ez naiz hemengoa"

Deena New Yorken jaio zen, baino aspalditxo utzi zuen jaioterria. San Frantziskon bizi izan da, eta orain, Portland du bizileku. Mutil lagunarekin bizi da. Michigangoa da hura.

Ken ere Portlanden bizi da. Bakarrik. Jaioterria erdialdean du, ordea. Gero New Jersey eta New York izan zituen bizileku, baina badira bost bat urte Ipar mendebaldera joan zela.

Boisen bizi da Brian, baina New Yorkekoa da. Dan ere Idahoko hiriburuan bizi da, baina Arizonan jaio zen.

Jacksonen, Arizonan bizi da Felipe, baina New Mexikokoa da jatorriz.

Azkenengo dozena bat urtetan Seattlen bizi da Mike, izatez Connecticutekoa den arren.

Salt Lake Cityn, Utahn bizi da George. Jaio, ordea, Ohion jaio zen. Misurikoa den Sally emaztearekin bizi da. Datorren urtean, Austinera, Texasera doaz bizitzera.

San Frantziskon bizi da Morgan. Eta han jarraitzekotan dago, hura. Baina jaioterria, urruti du. Londonen jaio zen, eta Estatu Batuetako hiri desberdinetan bizi ondoren heldu zen Golden Gatearen hirira.

Ez dakit hilabete hauetan guztietan ezagutu dudan jaio edo hazitako hirian bizi den amerikarrik.

2009-11-17

Amuma says no!


Egunen batean amumak esan omen zuen ezetz, eta ezezko hori gogorarazi diote makina bat bider!

Euretako inor ez da Euskal Herrian jaiotakoa. Denak Atlantikoaren alde honetan jaio ziren, Pazifikotik gertuago, gainera. Euren kontzertua, ordea, panderoa astinduz eta txanpon baten truke kantatzen zuen gizonaren istorioarekin hasi dute.

Beste hiri estatubatuar askotan bezala, Boisen ere bereziak izaten dira hileroko lehen ostegunak. Erdiguneko denda, ostatu eta bestelako negozioen jarduna bultzatzeko eskaintza bereziak eta ekitaldi kulturalak antolatzen dituzte. Eta Boiseko beste bazterretan bezala, Basque Block-ean, nabarmena da hori.

Leku ona ostatu-tabernan, hitzordua. Batzuk afalduta agertu dira, beste batzuk kroketak eta txorixoa jan bitartean hasi dira trikiti doinuak entzuten. Amuma says no taldea jaiaren erantzule. Euskal Herriko jai martxosoenen inbidiarik gabeko erromeria prestatu dute. Dantzari faltarik ere ez dago. Kalimotxoa, berriz, erdi prezioan, okasioak ere halaxe eskatzen baitu.

Amuma says no taldeak, dagoeneko bi disko grabatu ditu, biak ere euskal kantu ezagunen bertsio partikularrak. Lehenengoa, “Frontoitik kalera”. Taldearen izaeraren deskribapen literala da izenburua. Amuma Says no taldeak Boiseko frontoian egiten baititu entseguak astero, eta handik egin baitute plazarako jauzia.

Bigarren diskoa, euren hitzordu finkoari erreferentzia egiten diona, “First Thursdays”. Hileroko lehen ostegunen ospakizunak eman die izenburu honetarako aitzakia.

Boisetik kanpo ere izan da aukerarik euren plaza-giroa bizitzeko. Reno, Elko, Bakersfield, Seattle... Toki ugaritara joan dira, tokian tokiko euskal jaiak girotzera.

Hiru urte pasako ibilbideak sendotu egin du taldea. Jendearen aldetik jasotzen duten erantzunak, berriz, indartu. Erronka berriak hartzeko adina indar eman die: hasita daude euren kantu propioak egiten, beste musikari batzuen doinuak moldatzeari utzi gabe.

Euskal sustraietatik abiatuta hazitako taldea da Amuma says no, berrikuntza eta moldaketei irekita dagoena, eta Amerikaren zati bat arima euskaldunez betetzen segitzeko bokazio sendoa duena.

2009-11-11

Mortzila dinner (II)

Boiseko euskal etxean odolosteak egin dituzte urteroko moduan. Berrian argitaratutako artikuluaren osagarri ondorengo bideoa.


2009-11-10

Mortzila dinner (I)

Kaletik hartzen da usaina. Grove kaleak eta seigarrenak bat egiten duten tokian, Amerikan beste inon topatzea zail den usaina nabari da. Euskal etxeko eskailerak jaitsi eta sukaldera gerturatu ahala, odoloste usain hori sendoago bihurtzen da.

Ostegun eguerdia izateko zalaparta dezente dago Boiseko euskal etxean. 30 lagunetik gora, atzera eta aurrera. Goizetik lanean hasita batzuk. «Seietarako hemen ginen. Odolosteak egiten zazpiak aldera hasi gara, baina gauzak prestatzen lehenago», dio Ben Goitiandiak.

Horrela hasten da Berria egunkarirako idatzitako kronika. Hemen ikus dezakezu, argazki eta guzti.

2009-11-08

Periodikua leituz...


Aldi berean bi gauza egitea ez da soilik amerikarren kontua. Hemen, ordea, beste inon baino nabarmenagoa dela esatera ausartuko nintzateke. Gidatu bitartean kafea edatea, kalean oinez doazela hamburgesari kosk eta freskagarriari zurrut egitea, telefonotik hitz egin bitartean kutxazainetik dirua ateratzea, eta…