Euretako inor ez da Euskal Herrian jaiotakoa. Denak Atlantikoaren alde honetan jaio ziren, Pazifikotik gertuago, gainera. Euren kontzertua, ordea, panderoa astinduz eta txanpon baten truke kantatzen zuen gizonaren istorioarekin hasi dute.

Leku ona ostatu-tabernan, hitzordua. Batzuk afalduta agertu dira, beste batzuk kroketak eta txorixoa jan bitartean hasi dira trikiti doinuak entzuten. Amuma says no taldea jaiaren erantzule. Euskal Herriko jai martxosoenen inbidiarik gabeko erromeria prestatu dute. Dantzari faltarik ere ez dago. Kalimotxoa, berriz, erdi prezioan, okasioak ere halaxe eskatzen baitu.
Amuma says no taldeak, dagoeneko bi disko grabatu ditu, biak ere euskal kantu ezagunen bertsio partikularrak. Lehenengoa, “Frontoitik kalera”. Taldearen izaeraren deskribapen literala da izenburua. Amuma Says no taldeak Boiseko frontoian egiten baititu entseguak astero, eta handik egin baitute plazarako jauzia.
Bigarren diskoa, euren hitzordu finkoari erreferentzia egiten diona, “First Thursdays”. Hileroko lehen ostegunen ospakizunak eman die izenburu honetarako aitzakia.
Boisetik kanpo ere izan da aukerarik euren plaza-giroa bizitzeko. Reno, Elko, Bakersfield, Seattle... Toki ugaritara joan dira, tokian tokiko euskal jaiak girotzera.
Hiru urte pasako ibilbideak sendotu egin du taldea. Jendearen aldetik jasotzen duten erantzunak, berriz, indartu. Erronka berriak hartzeko adina indar eman die: hasita daude euren kantu propioak egiten, beste musikari batzuen doinuak moldatzeari utzi gabe.
No hay comentarios:
Publicar un comentario