2009-09-24

Badakite zerbait guri buruz...

Etxetik kanpo irtenaldiren bat egin duen euskaldunak badaki zer den jatorria azaltzea. Norbait ezagutu eta lehenengo bost minutuetan egin beharrekoa izaten da, sarritan, Euskal Herria non dagoen kontatzea.

Euskal Herrikoa zarela esan ondoren, irribarre egin eta “lovely!!” esaten duenak, seinale ez daukala arrastorik.

Beste batzuk, zintzo, ezer ez dutela hari buruz entzun aitortu, eta zein Country den galdetzen dute lehenengo, non dagoen gero... Ikaskide dudan emakume korear batek eskatu berri dit mapan kokatzeko, argitzeko non dagoen. Maparen gainean atzamarra jarri BILBAO ageri den puntuan eta bere erantzuna, hor ez duela Countryrik ikusten, Espainia eta Frantzia bakarrik!

Bestelakoak ere ugari dira, ordea, Ameriketako Estatu Batuetan. Euskal Herriari eta euskaldunei buruz dezente entzun dutenak, kasurik gehientsuenetan, barrualdeko estatuetara etorri ziren euskal artzainei esker.

Adibide ale bat, besterik ez, segidan entzungai dagoena. Hidden Kitchen izeneko irrati saio bateko erreportajea da. Bi ahizpa dira, bateko eta besteko sukalde kontuak biltzen dituztenak euren erreportaje dotoreetan. Sukalde kontu horiek, aitzakia besterik ez dira, sukalde horren bueltako istorioa edo historia kontatzeko. NPR irrati kate nazionalean emititzen dute euren erreportajea, aldiro, bi ahizpa erreportariek.

Entzun ordez, irakurtzea nahiago izanez gero, hemen lotura. Dena den, merezi du ingelesez ari diren euskaldunen azentua entzuteak, nahiz eta gehiegi ulertu ez.

Badakitela zerbait, guri buruz.

1 comentario:

Anónimo dijo...

oso interesgarria, bai, oso!!

anonimo=iñaki